XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELGOIBAR!....

Beribil-bidea utzirik bertzea hartu ginuen.

Betbetan sekulako arramantza!....

Zer da? Ordu arte, inguruak ezti eta zabal ginituen.

Eta orai!... Orai, egiazko Euskadin gaude.

Eskalduna, langilea da.

Egundaino ez du lanak Euskalduna izitu.

Kamiun, bulldozer, tresneria berrienak eskutan, gizonak lanari doatzi.

Bat bertzearen parean, bat bertzea baino lehen, bat bertzea baino kargatuago: zoin lehenka lantegitik lantegirat!.

Iduri luke mundu guzia berekin dabilkatela.

Hauk gizakia!... Nor harri ditake, holako jendeak dauzkan xokoa, bazter guzietan ezagutua eta goretsia balinbada!.

Bagoazi beti, harat!.

EIBAR!....

Bi kilometra, eskuinetik.

Nola igan, aldean, sar-atera bat gabe?....

Errekaren bi aldetarik bizitegiak... lantegiak....

Etxe berrien aldean lehengo egoitza zahar batzu....

Bideak, etxe aintzinak zikin... lohiz beteak... murruak itsustuak kez edo nik dakit zertaz?.

Goiti behatu-ta zerua halako lano erdi beltz, erdi zuri, ori-ubel batez hartua.

Mendien azpian ura likits, nahasdura zurpail bat, pozoindatua.

Ez dukete Eibartarrek han bildu arrainetik sabeleko min haundirik!.

Urrunago MONDRAGON!... ARRASATE.

Euskadiren bihotza!....

Hango harat hunatak!.

Kirrinki karranka, kirriskiti karraskata, denak lanari.

Han gaindi irri guti!.

Bakotxa bere hari! Eta nola!....

Nere gazte denborako Euskadi. zertaratu zare?.

Ordu hetan zeru gaina garbi zagon.

Egunaz urdin urdina, gauaz izarrez dirdiran! mendi hegalak garbi, airea sano.

Ai, orduko bizia?....

Oraiko mendean denak berri.

Modu berriak hartu behar, nahi bada gizon agertu.

ARANZAZU-ko patarretan gare.

Oren laurden bat ona eman dugu, goiti eta beti goiti.

Han hemenka izigarriko harrokak.

Asko eta asko zuhaitz, mendia edertzen eta aberasten dutenak.

Hango errekak! Ikusteak berak zoratzen ditu zonbeit.

Itzul harat, itzul hunat, han gare.

Uste-gabetarik Aranzazuko otoitz-etxea hementxet dugu.

Aita Frantxizkanoen aspaldiko egoitza, mendi zorrotz batzuen artean xut-xuta, harriaren gainean azkarki jarria.

Horra dorrea, guziak baino gorago, gaingaineko mokoan burdinazko gurutze batekin, guri erran nahi balauku bezela:

Kurutzeaz argiraino...